jueves, 1 de diciembre de 2016

2016-2017 Enpresari programa: mundua aldatuko duten ekintzaileen bila LHn

2016ko azaroaren 29a

Beste urtebetez, Demako Enpresari programaren makineria prest dago, eta bizkor jarriko da martxan! Atzo egiaztatu genuen: BFAren Foru Agiritegiaren aretoan, goizean, Bizkaiko Lanbide Heziketako hainbat ikastetxetako irakasle eta ikasleen bisita izan genuen. Ez zen izan ezusteko bisita bat; han, ENPRESARI enpresa proiektuen lehiaketaren XVI. edizioaren hasierako ekitaldia egin behar zen. Ideiak borborrean.

Gloria Múgica (DEMAko zuzendari gerentea),  Teresa Laespada
(Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko
ahalduna) eta Alfoso García (Enplegu zuzendari nagusia, BFAren
Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila)
izango dira Enpresari Sarien hasiera ekitaldian.
Izan ere, DEMA-Enpresa Garapenean eta Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailean buru belarri ari gara lanean LHko zikloak egiten ari diren gazteei laguntzeko, enpresa-ekintzailetza kultura bultzatzeko programen bidez. Enpresari programa klasiko bat da jada: enpresa bat sortzea, autoenplegurako eta laneratzeko aukera gisa; gazteei ikusarazi nahi diegun errealitate bat. 

Aurtengo deialdian, 200 ideia baino gehiago aurkeztu dira, eta 500dik gora ikaslek defendatu dituzte. “Ideiek mundua eraikitzen dute; norantz ibili irudikatzen” esan du Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inkusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren ahaldunak, “…ideiei, ordea, balioak ere jarri behar zaizkie". 200 baino gehiagoren artean, 50 hautatu dira, parte hartzaileek garatu, eta proiektuak amaitzea lor dezaten. Eta 50 ideia horien artetik, Enpresari lehiaketaren 2016-2017ko edizioan sarituko diren 10 proiektu aterako dira.

Ideiak
Enpresari proiektuen lehiaketak enpresa kultura sustatu nahi duenez, enpresa proiektu onena aurkezten duten pertsonak sarituko dira; hau da, ekintzaile espiritu handieneko eta enpresa mundura bideratutako gaitasunak ongien garatutako proiektua. 

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren Enplegu zuzendari nagusi Alfonso Garciak Sailaren, DEMAren, Eusko Jaurlaritzaren eta ikastetxeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du; izan ere, asmoak eta ahaleginak horrela batu ezean, ezinezkoa izango litzateke Enpresari programa egitea: “Zuen irakasleez gainera, aholkularien taldeak ahalegin horretan lagunduko dizue” azpimarratu du Garciak. 

Edizio guztietan ohikoa izaten denez, ikasleek askotariko enpresa motak planteatu dituzte: zerbitzu kolektibo espezifikoetatik hasita (hirugarren adina, haurtzaroa, kirol inklusiboa…) berrikuntza teknologikoetara (dronak, aplikazio informatikoak…), tartean, arlo tradizionalak ere jasota, hala nola merkataritza, ostalaritza eta gizarte zerbitzuak. 

Ekitearen erronkak ezagutzen, Isabel Muelaren eta Eneko Van Horenbekeren eskutik
Muela-Van Horenbeke bikoteak garrantzi handia izan du ere hasierako ekitaldian. Urdaibaiko arraunlari profesionala eta El conquistador del fin del mundo saioaren irabazlea eta Merkataritza, Turismo eta Kontsumoko sailburuordea –atzotik ofizialki– eta komunikazio, marketing eta produkzioen aditua ekitaldira etorritako ikasleak erabat motibatzen saiatu dira, ekintzailetzaren arloan izan dituzten bizipenen berri emanez. Mintzaldiak atseginak, biziak eta entretenigarriak izan dira; 132 ikasleen talde baten arreta osoa bereganatzen duten horietakoak. Horiekoak, bai! 

132 ikasle, LHko 22 ikastetxe eta 27 irakasle 
DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren programa honetan, 76 mutilak dira, eta 56, neskak. Emakumeen kopurua nabarmen txikiagoa dela ikusita, DEMAk eta Sailak ikusi dute emakumeen ahalduntzea eta berdintasuna bultzatu behar direla ere enpresa arloan. “Emakume ekintzaileen kopurua gero eta handiagoa izatera animatzen dugu" azaldu du Alfonso Garcíak, eta, emakume ekintzailea ikasgeletan ere egiten denez, "urtetik urtera gero eta emakume gehiago parte hartzera animatzen dugu” amaitu du. 

Eta orain zer?
132 ikasle horientzat ideiak proiektuak dira jada. Atzo, tutoreak esleitu zitzaizkien eta, orain, Enpresari lehiaketak martxoaren 10ean amaituko den lan faseari ekingo dio; izan ere, ikasleek data horretan entregatu beharko dute proiektua.

Sari ekonomikoak ikasleentzako helburua baino gehiago motibazio bat izan beharko lukeen arren, aurreratu nahi dugu deialdi honetan sari hauek banatuko direla: 1.500 € lehenengoari, 1.200 € bigarrenari eta 1.000 € hirugarrenari, eta 500 €-ko zazpi sari. Eta, jakina… nonbaitetik hasi behar! Isabel Muelak hasierako ekitaldian esandako hitzak gogora ekarrita: “Ekintzaile batek aberastasuna sortzeko eta dirua irabazteko ekin behar du. Handinahiak izan behar duzue". Edonola ere, 50 enpresa proiektu hauek lantzen ari diren ikasleak animatu nahi ditugu hilabete hauetan lana gogotik egitera, ikastera eta bide horretan gozatzera, baita lana pasioz egitera ere, bokazioa eta lanbidea bat egin dezaten saiatzeko. 



No hay comentarios:

Publicar un comentario