miércoles, 28 de diciembre de 2016

Taldeka Senior eta Taldeka Getxo: egunean LinkedIn sarean

2016ko abenduaren 28a

Taldeka Ekintzailetza Taldeak abian jartzea izan da DEMAren proiektu anbiziotsuenetako bat bukatzear dagoen 2016. urte honetarako. Lehen sei lan hilabeteen ondoren, poz izugarria ematen du ikusteak programa egoki doala aurrera eta taldeak, maila pertsonalean nahiz profesionalean, bikainak direla, baina batik bat handitu egiten du 2017. urtean ekintzailetzaren alde lan egiten jarraitzeko gogoa.

Joan den astean, Taldeka Senior eta Taldeka Getxo taldeek izan zuten LinkedIn sareari buruzko eskola bikain banatan parte hartzeko aukera. Izan ere, ekiteko asmoa duen inork ez luke sare profesional hori bazterrean utzi behar, munduko sare handiena baita, 450 milioi erabiltzaile baino gehiagorekin. Harreman profesionaletara eta merkataritza harremanetara zuzendutako sare sozial hori guztiz egokia da gure etorkizuneko ekintzaileen muina eta helburuak bultzatzeko; izan ere, pertsonak, enplegua, enpresa eta negozioa biltzen ditu LinkedIn sareak; networking eta sustapena…, eta neurri handi batean, horiexetan oinarritzen dira Taldeka programak ere.

Inge Sáez eta Taldeka programak osatzen dituzten pertsonak, talde bikaina
Enplegua eta Ekintzailetza bultzatzeko Foru Agentziak LinkedIn eskola hauek prestatu zituenean, gure helburua zen alor horretan profesionala den norbaitek taldeetan azaltzea sare horrek zer-nolako ahalmena eta aukerak eskain diezazkiekeen berenak bezalako profilei. Ingek, ordea, gainditu egin zituen espektatibak. Garbi gera dadila, hori ez diogula guk, Taldeka programetan parte hartzen dutenek diotela!

“Egun horretan ez nuen joaterik izan, baina lagunek esan didate oso interesgarria izan zela. Ingeren e-booka irakurri dut, eta ez nekizkien LinkedIn-eko gauza asko aurkitu ditut, hainbat baliabideri buruz: hala nola gomendioak nola eskatu, bezero eta enplegatzaile posibleekin harremanetan jartzea, eta eduki interesgarriak sortzea. Informazio hau erabiliko dut, nire profila hobetzeko eta ikusgarriagoa egiteko”.

Laura

“Jada banuen profila LinkedInen eta lehendik ikastaroren bat egina nuen. Hala ere, DEMAko klasean, ez nekizkien gauza asko ikasi ditut LinkedIni buruz. Berrikusi eta aldatu egin dut nire aurreko profila; jasotako aholkuei esker, harremanetarako beste sare bat sortzea erabaki dut, aurrekoaren desberdina; eta konfiantza eta segurtasun handiagoa dut sare hau erabiltzeko orduan. Ingek erakutsi dit nolakoa den egiazki tresna hau, zentzuz eta estrategia batekin erabiltzen. Gainera, laguntzeko prest dagoen pertsona bat da, argia bere azalpenetan eta motibatzen dakiena. Guztiz gogobete nau modulu honek”.   


Eva M. Fernández

“Oso iritzi positiboa dut LinkedIni buruz eta DEMA Taldeka programan jasotako klaseari buruz. LinkedIn mundura zabalik dagoen leiho bat da, profesionalekin eta enpresekin bizkor eta eroso konektatzeko modua ematen duena. Niri buruzko iritzi profesionalaren laburpen bat jasotzen du”.

Pedro Mª Gonzalez

Ahaleginaren eta jarraikitasunaren adibide ezin hobea da Inge Sáez Díaz de Sarralde, bere burua egin du eta baikortasun laudagarriarekin gainditu ditu bere lanbidean hasi zenetik aurrean izan dituen eragozpenak. Hasiera-hasieratik lortu zuen eskoletan hori parte hartzaileei helaraztea eta konfiantza sorraraztea: funtsezkoa LinkedIn sarean saltzeko, “automarketeatzeko” eta lan egiteko orduan... ikusiko dugu zergatik.

Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziatua da Inge eta eskarmentu handia du salmentetan. Pasio handia du bere lanarekiko eta enpresariei eta ekintzaileei laguntzen die komunikazio beharretan. Gainera, argitaratu berri du LinkedIn: tu marca profesional e-booka.

Marka pertsonalari, marketin estrategiari eta LinkedIn sareari buruz
Funtsezkoa da Taldeka programetako kideek norberaren eta enpresaren marka eta marketin alorretan oinarrizko ezagutzak berenganatzea programan parte hartzen duten hilabeteetan zehar. Ingeren eskutik, horrekin loturiko ezagutzak ikasi ahal izan zituzten berak sortutako metodo baten bidez: Raiz metodoa. Zuhaitz bat sustrairik gabe bizi ezin den bezalaxe, enpresa bat edo marka pertsonal bat ezin da bizi –ondo bizi ez bederen- oinarri estrategikoa definitu gabe: negozioaren funtsezko galderak eta erantzunak. “Nor naiz?” edo “Zein da nire balio proposamen bakarra?” bezalako funtsezko galderek erantzuna behar dute zuhaitzak fruituak eman ditzan lortzeko, marka pertsonalaren edo enpresaren helburuak betetzeko. Enborra da estrategia, gidaria, marketin ekintzen bidez jakinaraziko den marketin mezua. Ekintza horietako bat da Linkedln, adarretako bat.

Eta zu zertarako egon LinkedIn sarean?
Jendearen % 80k ez daki LinkedIn sarean zer egiten duen, aldez aurretik ez baitu bere oinarri estrategikoa zehaztu. % 80 hori adarretan dabil, sustraia zaindu eta landu gabe; txarteldegi gisa erabiltzen du LinkedIn. Horrelaxe azaldu zien Inge Saezek Ekintzailetza Taldeei marketin estrategia izateak zenbateko garrantzia duen, beren ekintza guztietarako gida izango baita.

Gainera, azpimarratu zuen paradigma aldaketa gertatzen ari dela merkataritza munduan eta hari kasu gutxi egiten ari zaiola: “Salmenta metodo zaharrak erabiltzen ari gara aro berrian”. Adierazi zuen 2008. urtean hasi zen krisi ekonomikoak konfiantza krisi handia ere eragin zuela marketinari eta salmentei dagokienean, eta Taldekako parte hartzaileei eskatu zien oso kontuan izateko hartzaileen konfiantza lortzen badute ia guztia lortua izango dutela.

DEMAren “Taldeka, Ekintzailetza Taldeak” programan, parte hartzaileen konfiantza ere lantzen da ahal diren norabide guztietan. Taldekak sentsibilizatu egin nahi ditu hartan parte hartzen duten pertsona langabeak, motibatu eta ekintzailetzara bultzatu, negozio ideiak sor daitezen sustatuz. Lankidetza eta elkarlana bezalako alderdiak, eta pertsona horien artean sinergiak sortzea funtsezkoak dira azken helburua lortzeko: negozio ideiak elkarlanean garatzea, azkenik enpresa berriak eratzeko eta enpresa horietan beren eta hirugarren pertsonen enpleguak sortu ahal izateko. DEMAn uste dugu LinkedIn bezalako tresnetan sakontzea laguntza handia izan daitekeela ahalegin horretan.

Jardunaldietan, bi Taldeka programetako parte hartzaileek gogoeta egin zuten sare sozialetako elkarrizketek
DEMA ekintzailetza
duten garrantziari buruz, elkarrizketa horiek eragina izango baitute etorkizuneko bezeroen ohituretan eta ekintzetan. Gaur egun kontsumitzaileak izan daitezkeenek jada ez dute produktuei edo zerbitzuei buruzko informazio korporatiborik behar, milaka ahots ari baitira haietaz hitz egiten sareetan. Ez al gara bada gehiago fidatzen hotel baten erabiltzaileek Trip Advisor gunean esaten dutenaz hotelaren webgune korporatiboak bere buruaz esaten duenaz baino? Horrexegatik, gaur egun konfiantza sortzea da bihurtzeko behar den ia bakarra. Ezer gutxi balio du produktu edo zerbitzu bat zein ona den esateak; asko balio du, ordea, hori erakusteak eta jendeak konfiantza izateak. Hala ere, eta paradigma aldaketara itzuliz: Jada konfiantzarik ez badago, zergatik saltzen dugu orain dela hamar urte bezalaxe? Adituak adierazi zuen komunikatzeko modua aldatu behar dugula LinkedIn sarean ere.

Inge Saezen arabera, 3 modu daude LinkedIn sarean  komunikatzeko:
- Datuak aurkeztuta
- Eztabaida sortuta
- Galderak eginda eta zeure bezeroak haien konponbidea aurki dezan bultzatuta: hitz eginez.

Gehienetan lehenbizikoa erabiltzen dugu eta jendea ez dugu pentsatzera bultzatzen. Hala ere, garbi dago hirugarren metodoa erabiltzen dutenak direla pertsona limurtzaileenak.

“Ez iezadazu esan zer duzun, esadazu nik zein onura atera dezakedan”
LinkedIn sarea 2002. urte amaieran sortu zen. Haren sortzaileak, Reid Hoffman-ek, beti ulertu zuen bere sarearen eraikuntzak eta aprobetxamenduak zuen garrantzia. Asmatu egin zuen.

Inge Sáez 2011. urteaz geroztik dago sare profesional horretan eta adierazi du oraindik ez dakigula zenbateko etekina atera diezaiokegun sare horri. Berak, lortu duen guztia, dagoen ikaskuntza hoberenari esker lortu du: probatzea eta okerrak egitea. LinkedIn sarean zuen eskarmentua oso handia zen espezializatzeko erabakia hartu aurretik ere. Hoberenengandik ikasi ondoren, esan daiteke alor honetan aditua dela orain dela 6 hilabetetik. Denboraldi horretan 160 bezero lortu ditu. Horrelakoxea da LinkedIn sarearen ahalmena, izugarria.

Probatzea-okerrak egitea ikaskuntza horri esker, konturatu da salmenten munduan funtsezko akats batzuk egiten direla, besteak beste, bezeroa izan daitekeen bati “nola lagun zaitzaket” galdetzea. Hori okerra da, ekintza horrek bere metodoaren adarretatik joatea baitakar berriro ere. Ford parafraseatuz azaldu zien Taldeka programetako parte hartzaileei: “… esaten zuen, galdetu izan balu, zaldi indartsuagoak eskatuko zizkiotela eta ez auto bat”. Bezeroari esku-eskura jarri behar zaio konponbidea, zeurekin lan egiten badu berak zer lor dezakeen esan behar zaio, zein onura izango dituen. Bezeroa izan daitekeen pertsona bati zein ona zaren, zein lorpen izan dituzun, zein titulu eta trebetasun dituzun esateak gaur egun ez du inolako zentzurik hori guztia harekin ez baduzu lotzen, harengatik zer egin dezakezun, zu ezagutu ondoren nola izango den ez badiozu esaten. Horrek txundiarazi egiten du, ez du konbentzitzen. Zeurekiko izan dezakeen pertzepzioa ezegonkortu ere egiten du. Hori guztia oso ondo landu behar da LinkedIn sarean, diskurtsoari bira eman behar zaio ispiluan zeu ez ateratzeko, zeure balio proposamenaren bidez ispiluan aterako dena zeure bezeroa izan daitekeena izan dadin lortzeko, gai izan dadila bere ni berria ikusteko, ni hobea, zeure produktuari edo zerbitzuari esker. Zeure profilera iristean hauxe esatea da helburua: “Hauxe da behar nuena!”.

LinkedIn ez da curriculum bat, marka pertsonalaren tresna bat da
Inge Saezen iritziz, horrela ikusi behar dugu modurik hoberenean erabiltzeko. Adierazi du espainiarren % 70ek oraindik ez dutela kontuan hartzen beren “ni online”, eta hori akats larria dela, jakinik bezeroak lortzeko guztiz funtsezkoa dela konfiantza sortzea. “Gaur egun agertzen ez den inork ez du konfiantza sortzen”, ohartarazi du.

Adituak Taldeka programetako parte hartzaileei iradoki die beren web orria edo beren bloga balitz bezala
ekintzailetza
planteatzeko LinkedIn sarea, eta ez CV digitalizatua balitz bezala, eta horretan oinarrituta lantzeko sareko funtsezko 3 adarrak: profila, kontaktuak eta edukia, baina betiere estrategiatik ez desbideratzeko ahaleginak eginez, horixe izango baita oinarrizko helburuak lortzeko bide zuzena. LinkedIn sarean alferrik kopiatuko ditugu beste enpresa batzuen ekintzak geure negozioari aplikatzeko, haien arrazoiak ez baititugu ezagutzen: nola hazi erakutsi dieten sustraiak ez ditugu ezagutzen.

LinkedIn sareak zergatik eta nola lagun diezazuke zure negozioan?
Social Selling da galdera honen erantzuna: “LinkedIn sarean ezin duzu saldu, baina hura ez baduzu erabiltzen ezin izango duzu saldu”. Ingek esan nahi du buruarekin erabili behar dela, jakina! Urrundu egin behar dugu salmenta eredu zaharretatik, haietan konfiantzak prozesu osoaren % 10 besterik ez baitzuen hartzen. Taldeka programetako parte hartzaileei jakinarazi die salmenta eredu berri bat sortu eta azaleratu dela eraldakuntza digitalarekin eta sare sozialekin. Hartan, ahaleginen % 85 konfiantza sortzeko egin behar dira, % 10 aurkezteko eta % 5 besterik ez salmenta bat ixteko, zeure bezero izan daitekeenak zuregan konfiantza baldin batu bera bakarrik etorriko baita hori.

Profil optimizatu baten ondoren, lehen aipatu dugun LinkedIn sarean sorturiko elkarrizketa hori da Social Selling hau. Jardunaldietan zehar, adituak Taldeka programetako parte hartzaileei azaldu die optimizazio hori nola lortu, eragin handiko profila nola lortu. Ohartarazi zuen gomendioek garrantzi handia dutela konfiantza sortzeko. Bai… berriro ere konfiantza plazara!, konfiantza geureganatzeko, oinarrizkoa baita sare profesionalerako egokia izango den profileko argazkia izatea: Ekintzailetza Taldeetako parte hartzaileei esan die ahanzteko maskotak, hondartzan egindako argazkiak eta lehen-lehen planoak. Begien bistakoa eta guztiz ohikoa… “Argazkia duen profil bat, halakorik ez duena baino 15 aldiz gehiago ikusten da”, adierazi du.

Laburpena da LinkedIn sareko profileko beste ataletako bat. Ingek garrantzi handia ematen dio horri; izan ere, hura prestatzerakoan bezeroarengan ere pentsatzen bada, geure buruaz bakarrik hitz egin beharrean, lan asko izango dugu aurreratua…

Baina batik bat, garrantzi handia ematen dio LinkedIn sarean geure bizitzan bezalaxe jarduteari, zapaldu gabe. Denborak errespetatuz, distantziak mantenduz… koherentziarekin, “LinkedInen ere -dio- harriturik uztea hobe baita desilusionatzea baino”.

Badakigu Taldeka Senior eta Taldeka Getxo taldeetako kide bakoitzak praktikan jarriko duela jardunaldian ikasitako guztia. Garbi daukagu ez zaizkiela falta LinkedIn sarean eragin handiko profil bat lortzeko jarrera eta gogoa… eta zelatan jarraituko dugu haien lorpenak erakutsi ahal izateko!

No hay comentarios:

Publicar un comentario