lunes, 6 de febrero de 2017

500 kilo eskola material Smararako

2017ko otsailaren 6a

“Desberdinak. Emakumeak eta gizonak, gazteak eta helduak, prestakuntza desberdina eta esperientzia desberdinak… baina jarrera positibo batek batzen gaitu, buru irekiak eta gure sormenak. Taldean lan egiten dugu, espiritu solidarioarekin, elkar ezagutzeko, pertsonalki nahiz profesionalki. Hauxe da gure proiektuaren oinarria, ilusioz hasi duguna, gure ahalmenak indartzeko eta enplegu arloan dugun helburura hurbilduko gaituzten trebetasunak garatzeko”. Horrela aurkezten dute beren burua Bidezkako kideek, Nerbioi-Ibaizabaleko Enplegu eta Ekintzailetza Solidarioko Anezka, eta espiritu solidario horri jarraiki, erronka bat ipini diote beren buruari: 500 kilo eskola material biltzea Smarara eramateko.

Parte hartu nahi duzu erronka solidario honetan?
Duela egun batzuetatik eta otsailaren 11 arte, nahi duen orok bere ekarpena egin eta eskola materiala utz dezake DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren bulegoan bereziki prestatu diren kutxetan (Fanderia 2, Barakaldo). 

Lourdes Gonzalezek jarri du martxan egitasmo solidario hau Nerbioi-Ibaizabal anezkako lankideen artean. Lourdes bere lan gaitasunak hobetzen ari da Bidezkan, Munduaz Blai Elkarteko kidea da, eta bera izango da eskola materiala Tindoufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuen kanpalekuetara eramango duen kooperatzaileetako bat. Hori bai, ez ahaztu eskola materialak BERRIA izan behar duela (egoera onean eta erabiltzeko moduan egon behar du)! Ahalegin eta azpiegitura handia behar da material guztia kanpalekuetara eramateko, eta egitasmo solidario honetan era batean edo bestean sartuta gauden guztion nahia da errefuxiatuen eskuetara iritsiko den materiala erabilgarria izatea. Bizkar-zorroak, koadernoak, estutxeak, margoak…  dena da beharrezkoa helburua denean kultura eta prestakuntza zabaltzea. Izan ere, Munduaz Blai Elkarteak dioen bezala, “ikastea eta gure buruak prestatzea libre izateko modu bakarra da”.

Beraz, badakizu: zain gauzkazu DEMAn, Smarara bidaliko ditugun “kulturaren kutxa” hauek betetzen laguntzeko! Proiektuari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jar zaitez harremanetan Bidezka enplegu anezkarekin e-mail bidez: bidezka@gmail.com.


No hay comentarios:

Publicar un comentario