lunes, 13 de marzo de 2017

Bizkaiko enplegu anezkek eta Taldekako kideek aurrera jarraituko dute “EnLANzar” programari esker

2017ko martxoaren 13a

Teresa Laespada foru diputatuak hitz hauek esan zituen joan den ostegunean egin zen Bizkaiko Anezken arteko Amaierako Topaketan: EnLANzar programa zuen laneratze prozesuan lagunduko dizuen zerbitzu bat izango da. Uste dugu zuen ondoan jarraitu behar dugula, iritsi gaitezkeen lekuraino, guk zuekin jarraitzea nahi duzuen lekuraino”. Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailak erantzun egiten dio Anezka eta Taldeka programetako kideek DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren bidez aspaldi eginiko eskaera bati. “Jaso dugu zuen eskaria”, adierazi zuen Laespadak, eta honako hau erantsi: “zuen ondoan jarraitu nahi dugu, hegan egin dezazuen nahi dugulako”.

DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentzia

Zentzuz betetako hitzak! Programen amaierako fasea iristen denean, ez da harrigarria partaideek nolabaiteko babesgabetasuna sentitzea. Taldeak –hilabete askoan elkarren ondoan izan diren hogei lagun, enplegagarritasunaren alde lanean– amarrak askatu behar ditu. Anezka hegaldatzeko unea iritsi da, programan aritu diren pertsonak enpresekin harremanetan jartzeko unea, lan merkatuan sartzen ahalegintzekoa. Hala eta guztiz ere, laneratzea ez da beti berehala lortzen, eta impasse horretan beldurra sortu ohi da: Eta orain zer? Laguntza eskatzen dute programa amaitu ondoren aurrera jarraitzeko, kontaktuak, aholkuak eta babesa, proiektuan aurrera egin eta lana aurkitzeko. EnLANzar programak laguntza hori emango die, hainbat modutan: talde topaketak eta saio indibidualak eginez, eta enplegu anezketan nahiz Taldeka programan ari diren pertsonen jarraipena eginez. Lotura ez dadin eten.

8 anezka, batera ikasiz eta lan eginez
DEMAk eta Sailak Anezken arteko Topaketa aprobetxatu zuten programa berri honen berri emateko Bizkaian martxan dauden zortzi anezkei. Albiste on horrez gainera, ekitaldian aritu zen erakunde ordezkaritzak –Gloria Mugica DEMAko zuzendari gerentea buru zuela– aipu interesgarriak egin zituen:

“Anezken azken fasean batez ere landatu egiten da, enpresak bisitatu… eta landatu egiten dena ez da berehala ernamuintzen, baina hurrengo hilabeteetan aukera asko sortzen dira”.
Álvaro Retortillo
Santa María la Real del Patrimonio Histórico Fundazioaren Enplegu Anezken programaren zuzendaria

“Sailaren ardura hartu nuenean, 86.000tik gora langabeturekin, oso argi nuen gauza desberdinak egin behar genituela emaitza desberdinak lortu nahi izanez gero. Horregatik erabaki nuen anezken programa martxan jartzea, pertsonak jartzen dituelako erdian enplegagarritasunaren bidean, beste enplegu politika batzuek ez bezala”.
Teresa Laespada
BFAko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Saileko burua

“Anezken proiektuak liluratu egin gintuen hasieratik bertatik. Arazo bat dugula onartu behar dugu: langabezia. Proiektu hau arazo hori konpontzeko konpromisoaren baitan kokatzen da”.
Matías Figueroa
Telefonica Fundazioaren enplegagarritasun programen arduraduna

contratación de personal
Yolanda López (Matrici), José Pérez Plano (Human), Alfonso García (DFB), Jon BIlbao (Confebask), Silvia Virto (Adecco) y Yolanda Arnillas (Grupo Eroski)

Topaketak beste bi atalekin jarraitu zuen. Lehenik, mahai inguru bat egin zen, bost konpainiatako giza baliabide eta kontratazio arloko arduradunekin. “Zer bilatzen dute enpresek?” galderari erantzuten saiatu ziren, anezketan diharduten pertsonei laguntzeko helbururekin. Zer eskaini enpresei, nora jo eta zer egin… arrasto guztiak funtsezkoa dira enigma argitu eta lanpostu bat lortzeko! Ondoren, hainbat jarduera egin ziren: adimen emozionalari eta komunikazioari eskainitako tailer bana, non funtsezkoa izan zen jendearen partaidetza eta lankidetza, eta networking saio bat enpresekin; enpresekin hartu-emanak egiteaz gainera, parte hartzaileek beren enplegu hautagaitzak aurkeztu ahal izan zituzten. Adecco, Eroski, Eulen (Flexiplan), Gizaire, Grupompleo, Grupo SSI, Hays, Hasys Response, Human eta Spring enpresek parte hartu zuten saio horretan.


Anezka

DEMA

Bizkaian ekitea

Bizkaian lan egitea

Era honetako topaketetan parte hartzen duten pertsonen inplikazioak (anezketako kideak eta lan eta enpresa munduko ordezkariak) ilusioa eta aurrera jarraitzeko kemena ematen dizkigu.  Emaitzek bezalaxe: anezkak ebaluatu egin dira eta funtzionatzen dutela ikusi dugu. Baina hori laster kontatuko dizuegun zerbait da…



No hay comentarios:

Publicar un comentario