martes, 7 de marzo de 2017

Ekintzaileak BIZIraunkortasunaren bila

2017ko martxoaren 7a

BIZIraunkortasuna. Hiru hitzetan oinarrituta sortutako kontzeptua: iraunkortasuna, bizitza eta bideragarritasuna. Hitz gakoak DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak antolatutako II. Ekintzailetza Jardunaldietan, zeinean negozio planaren eta bizitza planaren artean oreka bat aurkitzea xede nagusia zen. Biak modu eraginkorrean kalibratuz soilik lortuko du ekintzaileak biziraunkortasuna.

Joan den ostegunean, Bizkaiko ekosistema ekintzailean modu batean ala bestean inplikatuta dauden eragileak elkartu ziren UPV/EHUren Bizkaia Aretoko Baroja Aretoan. Elkarrekin gogoeta egin, esperientziak proposatu eta aurkeztu, eta ideia berriak sortu zituzten ekosistema hobetzeko eta inklusiboago bihurtzeko, boteretzaile eta eraldatzaileago izateko, gure lurraldearekin konprometituago, bideragarria, aberatsa eta anitza, eta, batez ere, ekintzaileen zein beren ekimenen ongizatea eta iraunkortasuna lortzeko. Hark esan zuen moduan, “Erroma ez zen egun bakarrean egin”, baina ekitaldia emankorra izan zen bertara etorri ziren guztien inplikazioari esker: hainbat elkarte publiko-pribatu, ekintzaileak eta herritar taldeak. Erronka konponbidera irits dadin dagoen interesa handia zela ikusi zen, eta beharrezkoa dela hari aurre egitea guztiok elkartuz eta elkarrekin lan eginez.

Kanpora etiketak!
Jardunaldietako goiza entzuteari eta inspirazioari tartea egiteko aurreikusia zegoen. Hala ere, hori baino askoz gehiago izan zen. Goizak, askotariko edukia zuen lau blokeei esker, kolaborazio lanean oinarritutako arratsalde baterako enpatia eta gogoak sorrarazi zituen. Eta egunak gogotik eman zuen, bai horixe!

Teresa Laespada foru diputatuak eman zien hasiera jardunaldiei eta lehen ponentzia blokeari; Alfonso García Bizkaiko Foru Aldundiko enpleguko zuzendari nagusiak dinamizatu zuen, eta María Saizen (UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Enpresen Kudeaketa Masterra) eta María Ángeles Diezen (UPV/EHUko Gizarte Ekonomiaren eta Kooperatiba Zuzenbidearen Institutuko Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioa Masterra) eskutik, prestakuntza aplikatua aniztasunetik begiratuta gaia landu zuen. Salbuetsi ezin den faktore bat izan arren, prestakuntza guztiz erabakigarria baita proiektu berritzaileei ekiteko orduan. “Halaber -adierazi zuen Saizek- amerikar ingurune ekintzailean gertatzen ez den bezala, hemen porrota estigmatizatu egiten da oraindik, eta hori da, hain zuzen, arrazoi nagusietako bat porrotera bideratuta ez dagoen hezkuntza baten alde egiteko, ahal den neurrian". Saizek garrantzi gorena eman zion, gainera, ekintzailetza iraunkorrari, “ez soilik ekintzailearen bizitzarako, baita lurraldearen bizitzarako ere. Lortzea -esan zuen- arrakasta ekintzailearen zati da”.

Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentzia

María Ángeles Diezek azaldu zuen prestakuntza prozesuak eta hezkuntza proiektuak zenbat eta anitzagoak izan, orduan eta aberasgarriagoak eta sendoagoak direla ekosistema ekintzailearentzat, oro har: pertsona, proiektua, lurraldea… Eztabaida eta talde lanaren faseak aniztasun horretatik elikatuko dira. Ondorioz, proposatu egin zuen beste pertsona batzuekin batera ekitea gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioa sortzeko, eta ekonomia horretako etorkizuneko profesionalek “pertsona konprometituak” izan behar dutela, sortzen duten ekonomiaren ildo bereko balioekin. Proposatu zuen, halaber, ikasleak ikasgelatik irten daitezen.

Lehen ponentziek boladan jarri zuten jada beste hainbatetan etengabe ikusiko genuen argazki bat: ekonomia feministaren izozmendia. Diezek ohartarazi zuen: "Bizitzarako ekonomia iraunkorrak alderantzikatu egin behar du, diziplina aniztasuna eta aniztasuna bilatuz".


Bizkaiko Ekintzailetza Jardunaldiak
Vía Juntas Emprendemos

Ondoren, jardunaldiek esperientzia mahai bat izan zuten “Taldean eta berdinen artean ekin”; horretarako, hainbat eragileren testigantza ilustratzaileak entzun ziren, besteak beste, Beatriz Alejos DEMAko Sustatutako Taldeka ekintzailetza programaren zuzendaria, Pilar Garay Emprendes.net programakoa, Loli Castilleja eta Marian Diana Diakite Alencop programakoak eta Laurent Ogel Triple Balance programakoa. Eztabaidaren dinamizatzailea Susana González Rómulo izan zen, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko aholkularia. 

Parte hartzaile bakoitzak kolaboratzen duen ekimena aurkeztu zuen, guztiak izendatzaile komun bat dutenak: kooperazioa ekiteko, pertsonak erdigunean jarriz. Jabetu ginen pertsona bakoitzaren beharrak ezagutzea, osotasunean kokatzea eta taldean ekiteko beharrezko tresna egokiak eskaintzea funtsezkoa izan daitekeela proiektu bideragarriak eta iraunkorrak garatzeko, arlo profesional eta pertsonalean. Pilar Garayk taldean ekiteko arrazoiak eskaini zituen: “Uste dugu gizartean gehien sustraitzen ari den modua dela. Gizarteak egitura kolektiboak behar ditu pertsonen bizitza mantendu ahal izateko". Ogelek adierazi zuen "pertsonak ezagutzea, haien egoera emozional, harremanezkoa eta materiala" beharrezko oinarria dela taldean eta berdinen artean ekiteko.

Bizkaian ekitea

DEMAren Sustatutako Taldeka ekintzailetza programaren kasuak garrantzi berezia hartu zuen esperientzia mahai honen gaia oinarritzeko orduan. Beatriz Alejosek azaldu zuen 2010era arte Foru Agentziara aukera bilatzen zuten ekintzaileak iristen zirela, baina handik aurrera, krisiaren ondorioz, beste mota bateko ekintzaileak iristen hasi zirela, premiak bultzatutakoak, alegia. Une horretara arte ez zuten ekintzailetza bizitza plan gisa proiektatu, baina orduan bai, baloratzen hasiak ziren autoenplegua laneratzeko alternatiba baliozko gisa. Halaber, DEMAri beste erronka bat planteatu zitzaion, hau da, harago iristea: aukera hori baloratu ere ez zuten langabeengana iristea eta “besteren konturako txipa aldatzea ekintzailetzaren alde”. Alejosen iritziz “funtsezkoa da ekingo duen pertsona bakarrik ez sentitzea” eta Taldeka programak lan egiten du bere kideak (negozio zehatz baten ideia ez duten pertsonak) "beren bizitzen protagonistak bihur daitezen, beren lanbidearen eta lanaren protagonistak, talde bateko kide sentituz, non, beste gauza askoren artean, talde ideiak sortzeko lan egiten den".

Ekitaldiak aurrera egin zuen lau esperientzia inspiratzaileekin, Arantxa Sainz de Murietak dinamizatuak, “Nor bere buruzagi” mahaian: Juntas Empredemos, Emakumeekin, Login eta Café para Autónomas programetako ordezkariekin. Ezin aurkitu modu hoberik emakumeen ekintzailetza zer den ulertzeko! Lau taldeek horren alde lan egiten dute buru-belarri. Berriz ere, elkarlana, kooperazioa eta batak besteari laguntzea ezinbestekoa da haien ahalmenak aktibatu eta indartzeko, elkarri ikusgaitasuna emateko…


emakume eta enplegu

emakume eta ekintzailetza

Café para Autónomas programako May Serranok gonbita luzatu zigun begiak ixteko eta barne eta kanpo juiziorik gabeko espazio bat sortzeko, geure espazioa. Etiketak gainetik kentzeko ere bai. Segurtatu zigun ekintzailetza emakumeentzat iraunkorra izateko “bizitza erdigunean jarri behar dela, benetan; ekintzara pasatu behar dela; agintea eskuetan hartu". ColaBoraBora taldeko Txelu Balboak, Juntas Emprendemos programaren ordezkari gisa, behin eta berriz adierazi zuen zeinen garrantzitsua den emakumeen ekintzailetzari aurre egitea "logika integratu batetik"; ezin baita bizitza plana eta negozio plana bereizi, kalibratu baizik. Emakumeekin programako Idoia Postigosek auzi funtzional baten ñabardura egin zuen: “Proiektu bideragarrietan pentsatu behar dugu, merezi dutenak, eta kontuan izan horrek batzuetan ordaintzea ekartzen duela eta, beste batzuetan, kolaboratzea...". Bestetik, Login programako Eva Calaviak gainditu gabeko irakasgai bat planteatu zuen: herritarrak gizarte erantzukizun gisa.

Bizkaian non ekitea

DEMAko zuzendari gerente Gloria Mugicak jardunaldien goizeko saioa itxi zuen Gizabi, Lágrimas de Cocodrilo, Neurki eta CESS taldeetako arduradunen kasuak, aholkuak eta bizipen ekintzaileak (haietako batzuk oso berriak) entzun ondoren. Eta entzuleak adi eta guztiz emanak egon ziren amaiera arte. Hori gozamena!

(Bir)elkar ezagutu, mugak identifikatu eta etorkizuna elkarrekin irudikatuz
Arratsaldea elkarrizketari eta proposamenari eskaini zitzaien, baita kolaborazio lanari ere, hizketaldi euskarrian, lau urratsen bitartez: parte hartzaileek (bir)elkar ezagutu zuten, ekintzailetzaren eta biziraunkortasunaren inguruan gaur egungo egoeraren mugak identifikatu zituzten (programak, jarduera ildoak, politikak…), etorkizun hurbila irudikatu zuten eta desiratutako etorkizun horrentzat hainbat egituraketa proposamen proiektatu zituzten. Elkarrenganako interesa, inplikazioa, positibismoa eta soluzioak eskaini eta aurkitzeko gogoak bizirik izan ziren saioaren minuturo; kasu honetan, gidari apartak izan zituen ColaBoraBorako Rosa Fernández eta Txelu Balboa. 

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak eskerrak eman nahi dizkizue bihotz-bihotzez han izan zineten guztioi, gogotsu jardun zenutelako, bizitza erdigunean duen ekintzailetza bideragarri eta iraunkor baten alde lanean. Jardunaldi hauek bizi izan bazenituzten, bidali, arren, zuen iruzkinak eta iradokizunak. Haiek jasotzeko irrikatzen gaude!

biziraunkortasuna


No hay comentarios:

Publicar un comentario