martes, 23 de mayo de 2017

Honelakoa da eta izango da Laneko Orientazioaren oraina eta geroa

2017ko maiatzaren 23a

"Batzuetan, geratu egin behar da, mugitu behar den ezagutzari buruz gogoeta egiteko; gelditu, nora goazen pentsatzeko, bidea zein den jakiteko". Hori esan zuen Teresa Laespada diputatuak maiatzaren 18an, ostegunean, V. Gizartegune espazioaren irekiera ekitaldian. Gizartegune Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatutako entzuteko eta gogoeta egiteko espazio bat da. Bosgarren edizio hau DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak kudeatu zuen eta Lan Orientazioaren orainaldiari eta etorkizunari buruzkoa izan zen. Jardunaldian Deustuko Unibertsitatearen lankidetza ere izan zen; hain zuzen, CRAI liburutegiko Ellacuría aretoa laga zuen, jardunaldia egiteko.

DEMA organiza el V Gizartegune
José María Guibert eta Teresa Laespada

Laespadak nahiz Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibertek azpimarratu zuten lan orientazioko profesionalen egitekoa garrantzitsua dela krisitik ahalik eta desberdintasun tasa baxuenekin ateratzeko eta herritarrei lan merkatu berrira egokitzen laguntzeko; hain justu, merkatu horrek, zientziaren eta teknologiaren arloko aurrerapenak izango ditu ezaugarri. Ikerketen arabera, etorkizunean "gaur egungo profesionalen erdiak desagertu egingo dira eta geratzen direnen % 90ak gaitasun berriak beharko dituzte", azaldu zuen Guibertek. Egoera horren aurrean, diputatuak argi dauka: "Enpresek beharko dituzten profil profesionalak identifikatzea oso zaila da; hori dela eta, Lan Orientazioan dihardutenek estrategia eta tresna berriak ezagutu behar dituzte, besteak beste".

Euriak ez zuen eragotzi ideiak sortzea
Ekitaldiak argi utzi zuen lurraldeko profesionalek interes handia dutela eguneratzeko eta irtenbideak bilatzeko, euren jarduna optimizatze aldera. Partaidetza erabatekoa izan zen: 180 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte; hain zuzen, Bizkaian lan orientazioaren arloan lan egiten duten edo elkartzen diren arloko teknikariak eta eragile publiko zein pribatuak. Hizlari adituen iritziak eta iradokizunak entzun zituzten eta ekarpenak egin zituzten galderen txandan!

Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentzia Bizkaian

V. Gizartegune hiru mahai ingururen bitartez garatu zen. Lehenengoa, erakundeen arlokoa eta adituena izan zen, eta profesionalak Lan Orientazioak zer bide hartu duen zehazten ahalegindu ziren. Hain zuzen, honako hauek osatu zuten: Rikardo Lamadrid (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikasketa Aurreratuen Zuzendaritzako zuzendaria), Elena Hornillo (Andalucía Orienta, Andaluziako Enplegu Zerbitzuko probintzia koordinatzailea Sevillan), Gonzalo Salcedo (CEBEKen idazkariorde nagusia) eta Mariasun Gallo  (Aosla-Gizalan Lan Arloko Orientatzaileen Elkartearen burua). Alfonso García izan zen moderatzailea, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua Sustatzeko zuzendari nagusia. Lamadridek Lanbide Heziketako Zentro Integratuetako Informazio eta Orientazio Profesionaleko Zerbitzuaren funtzionamendua azaldu zuen, eta azpimarratu zuen Lanbide Heziketako ikastetxeak gizarteari zerbitzu bat eskaintzeko daudela, eta, horrexegatik, krisiari erantzuteko, Lanbide Heziketa berrasmatu egin behar izan zela. Esperientziak baieztatzen dio "orientatzaileek informazio oso eguneratua behar dutela".

Banan banako arreta bereziki garrantzitsua izan zen Elena Hornillosen hitzaldian: "Pertsonaren arreta eta boluntariotasuna indibidualizatzeak berebiziko garrantzia du -esan zuen- Jarrera funtsezkoa da". Zera azaldu zuen: "enpresek nahi dute pertsonak bereiztea jakintzaren gaitasunetan, baina baita izatearen gaitasunetan ere; lan arloko orientatzaileek hori barneratuta eta landuta izan ezean, ezingo dugu aurrera egin. Inork ezin du transmititu bizi ez duena, sinesten ez duena. Mikro mailan lan egin behar da maila globalera igaro baino lehen".

CEBEKen idazkariorde nagusiak Lan Orientaziorako gai interesgarriak azaldu zituen; adierazi zuen sektoreak adi egon behar duela espezializazioari, biztanleriaren zahartzeari, enpresen tamainari eta ekintzailetzari begira. "Krisiaren ondorioz, enpresak askoz ere zorrotzagoak bihurtu gara kontratatzerako orduan", adierazi zuen Salcedok. Aipatu zuen enpresen % 56k ez dutela bilatzen nahi dutena, profil gero eta espezializatuagoak eskatzen dituztela, baina badakitela espezializazio hori hein handian enpresak berak erraztu behar duela. "Enpresek talentuari eutsi beharko diote -azaldu zuen- eta talentu hori gero eta globalagoa eta mugikorragoa izango da". Salcedok nabarmendu zuen Lan Orientazioko zerbitzuek eskatzaileen kolektiboetan espezializatu behar direla, lan arloko bitartekaritza egin (enpresetara hurbildu eta haien premiak aztertu) eta prestakuntza duala sustatu.

Lehengo mahaiaren denbora amaitzeko, Mariasun Gallok ohartarazi zuen Lan Orientazioan jarduten dutenek "enplegua bilatzeko pertsonen gaitasunak, trebetasunak eta baliabideak hobetzen eragina izan behar dutela". Bestalde, lan orientatzaileen ezagutzak aitortzeko eskatu zuen.

Berrikuntza Lan Orientazioan, ezinbestekoa
V. Gizartegune topaketako bigarren mahai ingurua DEMAko zuzendari kudeatzaileak kudeatu zuen, Gloria Múgicak, hain zuzen ere. Múgicak garrantzi izugarria eman zion Lan Orientazioan parte hartzen duten eragileen, tresnen eta ekintzen koordinazioari. "Esparru bat behar dugu komun enplegu eta prestakuntza politikak elkarrekin lantzeko. Sare global bat", aipatu zuen. Mahai honetan, sektoreko eredu eta metodologia berriak, teknologia berrien aplikazioa, lankidetza publiko-pribatua eta lanbidearen etorkizuna landu ziren. Mahaia hauek osatu zuten: Juan Gracia (Wooorker plataformaren arduraduna), Ana María González Pescador (Santanderko Udaleko Enplegu eta Enpresa Garapenaren arloko zinegotzia), Lola Goitiandia (Eures sarea), Natalia Serrano (Santa María La Real fundazioa), Nadia Maestro (Aldalan) eta Antonio Lozano (Granadako Unibertsitatea). 

Ideiak eta ezagutza borborka aritu ziren. Goitiandiak V. Gizartegune topaketako entzuleak Europako lan esparruan kokatu zituen; izan ere, merkatuaren joera da nagusi, eta horrek ez du mugarik. Lanpostu bati aplikatu beharreko ohiturak oso bestelakoak dira herrialde batetik bestera, eta horiek ezagutu egin behar dira. Hizlari gehiagok gerora aipatuko zuten kontzeptu bat aipatu zuen aholkulariak: "soft skills" edo bizitzan zehar eskuratutako trebetasunak; horiek besteengandik bereizten dituzte hautagaiak eta lanpostu baterako balioa ematen diete. "Orientazioaren erronka zera da: trebetasun horiek ditugula nola esan" adierazi zuen Goitiandiak.

Sare sozialek funtsezko egitekoa dute enplegua bilatzean; aspalditik egin da ohartarazpen hori. Nadia Maestrok ebidentzia dokumentatu zuen. Lan Orientazioaren sektoreko profesionalek oso kontuan izan beharko dituzte ingurune digitalak, lanbidean bilakaera eraginkorra izan nahi badute. Bestela, erabat zaharkituta geratuko dira. "2016an enpresen % 80k sare sozialak erabili zituzten langileak aukeratzeko", azaldu zuen. Ikuskatzaileak LinkedIn sareko taldeetan eta gainerako sareetan daudela ohartarazi zuen! Maestrok, halaber, hainbat iradokizun egin zituen sare sozialak Lan Orientazioan erabiltzeko. Orientatzaileei gomendatu zien sareak erabiltzera bultzatzeko enplegua aktiboki bilatzen ari direnak, presentzia izaten lagunduz eta garatzeko teknikak irakatsiz: marka pertsonal koherente bat zehaztea (nor naiz eta nora iritsi nahi dut), sare egokiak aukeratzea lana bilatzen duenaren profilaren eta helburuaren arabera, hautagaiaren online ospea zaintzea...

Natalia Serranok xehetasunez azaldu zuen Santa María La Real fundazioaren Enplegua eta Ekintzailetza Solidarioa bultzatzeko Anezken programa. Ekimen hori Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eta DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak jarri dute abian, eta % 65etik gorako laneratze indizeak ditu. Lankidetza publiko-pribatuaren sarearen garrantzia azpimarratu zuen proiektua babesteko, eta anezka "gaitasunak lantzeko erreminten kutxa" gisa definitu zuen.

Iradokitzailea izan zen Granadako Unibertsitateko Teleorientazio Zerbitzuaren egitura eta funtzionamendua hurbiletik ezagutzea. 10 urteko ibilaldia du jada eta etengabe eguneratzen da. Zerbitzu horren arduradun Antonio Lozanok azpimarratu egin zuen Andalucía Orienta zerbitzuaren ordezkariak aurreko mahaian adierazitakoa: "Arreta indibidualizatua ardatza izan behar da" Lan Orientazioko edozein zerbitzutan.

González Pescadorrek eta Graciak aipatu zuten posible dela enplegua bilatzea gamifikazio teknikak aplikatuz eta tresna berrienak eta azken funtzionalitate teknologikoak baliatuz. Eta erdigunean talentua jarrita!

Orientatzaileekin hitz eginez
V. Gizartegune topaketaren azken mahaiak ahotsa eman zien egunero langabeak, aniztasun funtzionala duten pertsonak, laneratzeko zailtasunak dituzten kolektibo bereziak eta lanbide hezitako eta unibertsitateko ikasleak orientatuz, bideratuz lan egiten dutenei. Espazio hori Jesús Riañok (Deusto Alumniren zuzendaria) moderatu zuen eta hauek osatu zuten: Amaia Pacín (FTSI), Aitziber Ortiz (Lantegi Batuak), María Larrinaga (Peñascal fundazioa), Rafael Balparda (San José de Calasanz) eta Aitzol Lamikiz (UPV/EHU).

Mahai honetan agertu ziren berriro "soft skills" deritzenak Aitol Lamikizen eskutik. Rafael Pilarrek ohartarazi zuen "enpresek jada ez dituzte curriculumak bilatzen, pertsonak bilatzen dituzte", eta "ez dago enpresa batean gaitasunak eskuratuz lan egitea baino master hoberik". Sare sozialak ere protagonista izan ziren berriro: "Orientatzaile gisa, sare sozialak gaurkotasun handiko tresnak direla ikusarazi behar dut" azaldu zuen Pacínek. FTSIko ordezkariak azaldu zuen, baita ere, "krisiaren ondorioz, langabeen artean prestutasun handiagoa dagoela lan orientatzaileengana jotzeko enplegua bilatzeko". Krisiak, jakina denez, pertsona minusbaliodunen eta laneratzeko zailtasunak dituztenen lan arloa ere baldintzatu du; hori adierazi zuten Lantegi Batuaken eta Peñascal fundazioaren ordezkariek: "Krisiarekin ikusten hasi ginen langile minusbaliodunek lan babestua bilatzen zutela" adierazi zuen lehenengoak, eta "Krisi honetan, ahalegin handiak egin dira pertsonak trebatzeko eta berreskuratzeko, enplegua aurki zezaten" esan zuen bigarrenak.

Orientación Laboral en Bizkaia
Mariasun Gallo, Natalia Serrano, Rikardo Lamadrid, Teresa Laespada, José María Guibert, Alfonso García, Elena Hornillo, Gonzalo Salcedo, Gloria Mugica, Aitzol Lamikiz, Antonio Lozano, Jesús Riaño eta Nadia Maestro.
Horixe izan zen V. Gizartegune topaketan gertatutakoa; Lan Orientazioaren inguruko ezagutzaren, haren orainaren eta geroaren erakusgarria. Gizartegune bezalako espazioek inspirazioa ekartzen dute, ideiak mugitzen dituzte, pertsonak konektatzen dituzte eta enpleguaren aurka borrokatzeko erakunde publiko eta pribatuek, profesionalek eta gaian zerikusia duten eragile guztiek lan egiteko gogo handia dutela islatzen dute. DEMAn ez dugu galduko hurrengoa. Ikusiko dugu elkar!

No hay comentarios:

Publicar un comentario