jueves, 1 de junio de 2017

Bilboko III. enplegu anezkarekin laneko bitartekaritza egitera goaz!

2017ko ekainaren 1a

Aste honetan, Bilboko III. enplegu anezka bere ibilbidearen amaierara iritsiko da. 5 hilabetean taldeko lanean aritu ondoren, anezkako parte hartzaileek euren arteko loturak lasatuko dituzte, eta aurrerantzean, nork bere bidea egingo du. Dena den, argi dute ez dutela lotura erabat hautsiko, taldeak izugarri eman baitie, nola maila pertsonalean, hala profesionalean. Gainera, DEMAk duela hilabete pasatxo martxan jarritako enLANzar programari esker, elkarrekin harremanetan jarraitu ahal izango dute.

Anezkaren azken faseko lanegun batean euren alboan egon nahi izan dugu: zehazki, enpresekin laneko bitartekaritza egiteko fasean. Eta, era horretan, prozesu hori nola garatzen den ezagutu dugu, eta, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren eskutik eta Santa Maria La Real Fundazioaren lankidetzarekin, sustatutako Anezka Programan parte hartu izanak ekarri dienari buruzko iritzia ere bildu dugu. 

Indar handiz egin digute ongietorria. Taldearekin pare bat hitz gurutzatu ostean, berehala ohartu gara zenbaterainokoa den duten gogoa. Jakin badakite hilabete hauetan zehar jarraikitasunez egindako lana ezagutarazteko unea dela. Argi dute prest daudela lan merkatuak aukera bat eman diezaien, horretarako prestatzen aritu baitira taldean. Eta ez zaie arrazoirik falta.

Bilboko anezka

Andone, Cristina, Javier, Jorge, Joseba, Mari Jose, María, Norma, Saioa, Teresa, Txaro, Victoria eta Yolanda dira, hain zuzen, Bilbokolan anezka osatzen duten hamahiru pertsonak. Anezka honen leloa, zehazki, #PicoYPala da. “Anezkaren baitan ematen dizkiguten tailerretako batean, Javier Ondarrak bereziki nabarmendu zigun esaldi hau: guztia oinarritzen dela lan egitean, lan eta lan... pikotxa eta pala! Horrelaxe lortzen direla gauzak. Esaldia gustatu zitzaigun eta geure egin genuen”, azaldu du Txarok. Zuzendaritzako Idazkaritzan diplomaduna da Txaro, eta egia esan, ez dago ikasketarik gabeko taldekiderik. Justu kontrakoa! Lan Harremanetako bi diplomadun, Arte Ederretako lizentziadun bat, Gizarte Erantzukizuneko teknikari bat, nazioko zein nazioarteko salmentetan aditu bat, telebistako operadore bat, ekonomialari bat, Zuzenbideko lizentziadun bat, Enpresa Zientzietako lizentziadun bat, administrazio profil tekniko eta espezializatu batzuk... Anezkak asko lagundu die euren profil profesionalak osatzeko gaitasunak garatzen, gaur egun ezinbestekoak direnak lan mundura egokitu ahal izateko (gaitasun digitalak, gizarte trebetasunak, taldeko lana, denboraren kudeaketa...). Anezka espero zutena izan ote den galdetu diegunean, inolako zalantzarik gabe erantzun digu Javierrek: “Niretzat esperotakoa baino gehiago izan da. Ez nekien zehazki zertara nentorren... Langabezian nengoen, eta zera pentsatu nuen: ikus dezagun zer den! Anezkak enplegua eta kideak bilatzeko modu berriak ezagutarazi dizkit...”. Txarok jarraitu du: “Laneko gaitasunetan trebatzeko 150 orduko ikastaroa benetan aberasgarria izan da, eta iruditzen zait egundoko ekarpena egin digula guztioi. Gainera, hitzaldi ugari entzutera joan gara, eta nik behintzat bazeudenik ere ez nekien gauza ugari ezagutu ditut: prestakuntza irekia... ikasteko ezin konta ahala aukera daude, pixka bat mugitzen hasiz gero!”.

Ziurtatu dutenez, programan parte hartzeak asko lagundu die autoestimua hobetzen: “Nahiz eta langabezian igaro ditudan urteetan ez diodan trebatzeari utzi, izan akademietan, izan autodidakta moduan, maila profesionalean konfiantza dezente galduta neukan. Anezka baliagarria izan zait indartzeko, neure buruari erakusteko sasoi betean nagoela -azaldu du Andonek-, erakusteko ez dakidan zerbait berehala ikasten dudala eta taldeari zein enpresari ekarpen dezente egin diezazkiekedala”.

“Anezkak aukera ematen dizu zeure buruan gehiago sinesteko eta enplegua bilatzeko prestatzeko. Honi guztiari zeure etxetik egiten badiozu aurre, bakar-bakarrik egonda, aldagai asko uzten dituzu kontuan hartu gabe; guk, berriz, guztiak ezagutu ditugu. Orain, askoz ere prestatuago gaude laneko elkarrizketa bat egiteko eta lan merkatuari aurpegia emateko”.
 Yolanda Jorde

Itxura denez, anezkak marka uzten du! Anezkak iraun bitarteko hilabeteetan taldea koordinatzeaz arduratu den DEMAko teknikari Lidia Garciak baieztatu duenez, beretzat ere ikaskuntza gune bat izan da: “Neure burua ezagutzeko ez ezik, kideei esker izugarri ikasteko ere baliagarria izan zait anezka”.

Aurrez aurre, enpresei begira
Programaren azken asteak erabakigarriak dira anezka osatzen duten pertsonentzat. “Testak egiteko” eta ikasitako guztia praktikan jartzeko unea iritsi da, enpresekiko laneko bitartekaritzei aurre egin ahal izateko. Enpresekin harremanetan jarriko dira, eta hainbat trebetasun eta gaitasun jarriko dituzte martxan, Giza Baliabideen Saileko arduradunek harrera egin diezaieten, eta ahal izanez gero, laneko elkarrizketa baterako hitzordua eman diezaieten. Izan ere, prozesu hau -anezkako gainerako jarduerak bezalaxe-, ezin da inprobisazioaren esku utzi: “Lehenik eta behin, gure enplegagarritasun mapa diseinatu genuen”, azaldu du Txarok. Kide bakoitzarentzat egokiak iritzitako enpresak bilatu zituzten, euren profilei eta interesei erreparatuta. Eta, jakina, hori ere taldeko lana izan zen; partaide bakoitzak ideiak bota zituen, eta gainerako kideen azalean jarri zen. “Alabaina, ohartu ginenez enpresek ez zietela gure mezu elektronikoei espero bezain pronto erantzuten, kideetako batzuk kalera atera ziren, gure arreta gunea zabaltzeko asmoz”. Txarok adierazi duenez, ekimena emaitza onak ematen ari da: “Harrera egin digute, arreta eskaini digute, datuak hartu dizkigute eta bisitaren bat egiteko aukera ere lortu dugu. Zalantzarik gabe, laneko bitartekaritza da anezkaren zatirik interesgarrienetako bat”.

lan bila

enplegu Bilbon

Laneko bitartekaritzako fasearen azken helburua, hain zuzen, kontratazioa da, eta taldeko lana behar-beharrezkoa da helburu irrikatu horretara iristeko: “Azken emaitza -adierazi du Teresak- anezkak izan dituen hiru sailek egindako lan guztiaren batura da: giza baliabideak, komunikazioa eta laneko bitartekaritza eta marketina. Giza Baliabideen Sailetik, esaterako, beste sailei laguntza eskaini zaie curriculum profesionalak, grafikoak eta zerbitzu karta bat osatzeko. Zehaztasun oro zaindu da, laneko bitartekaritzari begira ikusgaitasun handiagoa izan dezagun”.

entrevista con empresas

Cristina eta Txarorekin joan gara, RandStad enpresarekin zuten hitzordu batera. Bilboko bulegoko zuzendari Nekane Sagarduyk egin die ongietorria. Sagarduyk goraipatu egin du entzun duen guztia: anezkako kideek taldea sortu zenetik oraingo laneko bitartekaritza fasera bitarte eman dituzten pausoak azaldu dizkiote. Talde osoaren curriculumak eman dizkiote, profilak eta gaitasunak zehaztu dituzte... Gainera, zuzendariak hainbat gidalerro eskaini dizkie, eta biek jaso dituzte euren koadernoan: “Enpresak -azaldu die Nekanek- geroz eta zorrotzagoak dira. Geroz eta gehiago kostatzen zaigu enpresek eskatzen dituzten profilak ematea, oso gaitasun espezifikoak eskatzen baitituzte". Hautagaiei gomendatu die, besteak beste, lanpostu baten eske doazen aldiro sakon aztertzeko konpainiaren kultura eta balioak, horrek jarduteko argibideak emango baitizkie hautapen prozesuari aurre egitean. Zehaztu duenez, enpresek asko hartzen dute aintzat hautagaiek ondo ezagutzea korporazioaren filosofia, eta hautagaiek konpainia ondo “kokatuta” izatea. Cristinak eta Txarok eroso dirudite bitartekaritzan, eta ez dute ezer esan gabe utzi. Sagarduyk eta RandStad enpresako aholkulariek zehaztasunez aztertuko dituzte euren profilak. Zuzendariak hauteman du oraintxe hainbat eskaintza dituztela, anezkako parte hartzaileen interesekoak izan daitezkeenak.

Espero dezagun gaur RandStad enpresarekin izandako hitzordua Bilbokolan anezkako kideentzat gauza on baten hasiera izatea. Merezi dute eta! Bien bitartean, Josebak enpresa kontratatzaileei bidalitako mezuarekin geratuko gara: “Adinak adin, hemen gauden guztiok ondo gaitutako pertsonak gara. Benetan baliagarriak gara, eta izugarrizko ilusioa dugu berriro ere lan munduan sartzeko. Anezkan parte hartuta gauza ezberdin bat egin dugu; izan ere, gauza ezberdinik egin ezean, ezer ez da aldatzen”.

Zorte on denoi!

Sartu Bilboko III. enplegu anezkako kideen profil profesionaletara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario