jueves, 6 de julio de 2017

“Beharbada, berandu baino lehen, gure trastearekin surfean ikasten ari diren pertsonez josita egongo dira hondartzak”

Elkarrizketa Eneko Sánchez Alcortari, 2015-16ko ENPRESARI LEHIAKETAKO 2. SARIDUNARI

2017ko uztailaren 7a

Eneko Sánchez Alcortak eta Jorge Araizek enpresa proiektuen Enpresari lehiaketaren 2. saria irabazi zuten 2015-2016ko ekitaldian. Urtebete geroago, Enekorekin jarri dugu hitzordua, konta diezagun ea OREKA, hots, bere negozio ideia, ahanzturan galdu den proiektua den ala uhinaren gandorrean dagoen.

Enpresari, hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatutako eta DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak kudeatutako programa dugu, Bizkaiko gazte jendearen artean kultura ekintzailea eta enpresa kultura sustatzeko helburua duena.

gazte ekintzailetza

Nola sortu zen OREKA? 
DEMAren Enpresari programaren baitatik sortu zen OREKA, LHko ikasleentzat negozio ideien lehiaketa bat egin baitzuten. Egia esan, ez neukan ezer aurrez pentsatua... Bezperan bururatu zitzaidan! Baina argi dago beti gustatu izan zaidala ekintzailetza, beti sortu nahi izan dut nire negozioa, eta gauza berritzaileren batetik abiatuta izanez gero -alegia, merkatuan ez dagoen zerbait- are hobeto!

Zergatik ideia hori?

“Beste asmakuntza ugari sortzen diren bezalaxe etorri zen OREKA ere: premiatik eta akatsetatik ikasiz”.

Nire neskalagunari surfean irakasten ari nintzela ohartu nintzen premia hori zegoela. Nik bultza egiten nion, olatua har zezan, eta bera hiruzpalau metro urruntzen zen aldiro, bion arteko komunikazioa eten egiten zen. Berak nahikoa zuen taula gainean zutik irautearekin, eta ezin kasu egin nire argibideei. Eta hori maiatza edo ekaina izanda... Udan argibideak eman behar izanez gero, sasoi horretan izaten den jardun zalapartatsuarekin, are zailagoa, seguru!

Eta hortxe etorri zitzaizun argia...
Bai. Harrezkero, ideia hori ibili izan dut buruan. Azken batean, ohiko arazoa baita surfean ikasi behar den orotan: begiralearen eta ikaslearen arteko oinarrizko argibideen komunikazioa sarri askotan eten egiten da zarata dela medio, eta batez ere, ikasleak taulatik ez erortzeko egiten duen ahalegin logikoaren eraginez. Itsutasun horren eraginez, ahaztu egin ohi da taularen posizioaz, eta hori funtsezkoa da uretara ez erortzeko!

Zer irtenbide ematen dio OREKAk arazo horri?
Taularen muturrean kokatuta dagoen gailu bat da OREKA, eta taularen posizioari buruzko azalpenak ematen ditu: adierazten du ea taula atzerantz gehiegi okertuta dagoen, eta ohartarazten du pisua aurrerantz kulunkatu behar dela, taula modu horizontalean gera dadin. Gailu honi esker, begiraleen lana erraztu nahi dugu; izan ere, ikaslea urruntzen denean, taulan zutik egotea beste helbururik ez du izaten hark buruan, eta nekez egiten dio jaramon beste ezeri. 

Nola ohartarazten du gailuak taularen posizioa ez dela zuzena?

“Aldizkako argi bat dauka surf taularen muturrean, eta horrek adierazten du norantz kulunkatu behar den gorputzaren pisua, olatu gainean denbora gehiago irauteko”.

Gezi argitsu batzuen bitartez, led motakoak, keinukari bat balitz bezala. Gailua ohartzen denean taulak angelu kritiko bat gainditzen duela, eta horren ondorioz, taula galgatzen hasten dela, gezia piztu egiten da, eta adierazten du norantz kulunkatu behar den pisua, taula ahalik eta modu horizontalenean jartzeko, eta, hala, olatuaren bulkadari etekina ateratzeko. Azkenean, olatu gainean zenbat eta denbora gehiago egon, orduan eta gehiago ikas daiteke, taula gainean oreka mantentzen trebatzeko modu bat baita. Etengabe uretara eroriz gero, zailagoa da neurria hartzea, eta taula gainean zutik nola egon behar den ikastea.

Bazeneukaten gailua garatzeko ezagutza teknikorik ala negozio ideia moduan proposatu zenuten, besterik gabe, Enpresari lehiaketarako?
Egia esan, ez genuen espero, inondik ere, honek aurrera egingo zuenik, baina, batetik, lan egiteko instalazioak uzten dizkigun Emilio Campuzano zentroko ekintzaileen arduradunak diren Josunek eta Lolak adoretu gintuztenez, eta, bestetik, Enpresari lehiaketako bigarren saria irabazteak emandako indarrari esker, zera pentsatu genuen: “Zergatik ez?”. Harrezkero, negozio plana garatzeko lanean aritu gara. Bion artean osatu dugu alderdi teknikoa: Jorge informatika ingeniaria da, eta nik elektronika ezaguerak ditut. Gainera, biok gara diseinatzaile mekanikoak, Lanbide Heziketako modulu hori egiten ari baikinen Enpresarin izena eman genuenean. Kapsulatzearen kontua, berriz, kanpoko karkasarena, 3D inprimagailuaren bitartez gauzatutako prototipoekin egingo dugu orain, baina gero, amaierako produkturako, geuk diseinatutako injekzio molde bat baliatuko dugu. Beraz, bai, alderdi teknikoa salbatzen dugu, baina, halere, jakin badakigu produktu profesional bat merkaturatu nahi badugu, expertise handiko pertsonen eta enpresa egonkortuen laguntza beharko dugula. Plaka elektroniko espezifiko pertsonalizatuak diseinatzen dituzten enpresekin harremanetan jarri gara; alegia, diseinu zein fabrikazio lana ondo egikarituko dutenekin. Guk, oro har, muntatze lana egingo dugu.

Itxuraz, nahiko gailu txikia izango da. Nola joango da taulan?
Bai, Go Pro kamera baten antzeko tamainako pieza txiki bat da, taularen muturrean itsatsita doana. Lotzeko modua aztertzen ari gara orain, modurik errazena eta praktikoena nahi baitugu, txertatzeko prozesua ez dadin izan gogaikarria. Asmoa da eskola bakoitzeko taula guztiek izatea gero gailua txertatzeko moduko plastikozko oinarria; hartara, ez litzateke taula bakoitzarentzat bana erosi beharko. Gogora dezagun OREKA gailua lagungarria dela begiraleentzat eta ikasle autodidaktentzat, hasiera batean kortxozko taulatxoa erosi eta kirol honetan abiatzen direnentzat. Gailu honek euren kasa ikasten lagunduko die.

Pentsatzen al zenuen ekintzailetzan jardutea Enpresari lehiaketan parte hartu aurretik?
Bai, txiki-txikitatik ibili izan naiz zoko-miaketan, muntatzen, desmuntatzen, Meccanoarekin traste lanetan... Etxean ezer hausten bazen, dena askatzen eta konpontzen ahalegin nendin uzten zidaten. Gainera, nire familia enpresa pribatuan aritu izan da beti, eta etxean hori ikusita gutxiago kostatzen da pausoa ematea. Bide batez, aipatzekoa da ezagutzen duzun norbaitekin ekintzailetzan hastea aldeko puntua dela.

Inoiz lan egin al duzu besterentzat? 
Bai, hainbat enpresarentzat egin dut lan, eta eroso aritu naiz hirugarrenentzat lan eginez ere. Hain da horrela, ahal izanez gero, asmoa dugula OREKAren garapena besterentzat lanean aritu bitartean egiteko, harik eta negozioa abiarazten den arte.

Izan ere, oraingoz, inolako irabazirik ez, ala?
Hori da. Oraingoz, “zero diru sarrera” fasean gaude. Enpresari sarian jasotako dirua patentea ordaintzeko erabili genuen, eta espero dugu proiektuak abiarazteko programaren batean parte hartzeko aukera izatea aurki, instalazioak, harremanak eta lanerako materiala hobetu ahal izateko. Bestalde, Euskadi marka berrikuntzarekin eta I+G-rekin lotuta indartzeko asmoa dago, eta OREKA, hain justu, produktu teknologikoa eta berria da. Gainera, gazte jendeak garatutakoa da, eta kirola egitea sustatzen du. Gure ustez, beraz, baditugu “hurrengo mailara igarotzeko” behar adina puntu. Hori bai, beti iruditu izan zait jarraikitasunik eta ahaleginik gabe ezinezkoa dela hurrengo mailara pasatzea, ez honetan, ez bizitzako beste ezertan ere.

LHko ikastetxeen, irakasleen eta ikasleen artean ekintzailetza kultura sustatzeko Enpresari programaren 2015-2016ko ediziora 234 negozio ideia aurkeztu zituzten, baina 50ek baino ez zuten lortu garapen fasera iristea. OREKA izan zen horietako bat. Zer gertatu da ordutik lehiaketako bigarren saria, 1.200 €-koa, irabazi arte?
Enpresa ideia garatzeko fasea 3 bat hilabeteko prozesua izan zen, gutxi-asko samurra: nahiko garbi geneukan ideia, eta DEMAk gidatu eta asko lagundu zigun negozio planean aurrerapausoak ematen. Horretarako, tutore bat izendatu ziguten: Itzar Carranza. Benetan ederki aritu ginen harekin. Astean hainbat egunetan biltzen ginen Itziarrekin. Hark jarraipena egiten zigun, eta orientabidea eskaintzen zigun batez ere administrazio gaietan, hornitzaileak eta materialak bilatzeko lanetan, aginduen denboretan, diru laguntzetan... Amaitzeko, ekonomia eta finantza txostena egin genuen, negozio ideiaren bideragarritasuna adierazten duena.

Ekintzaile gazteentzako laguntzak

Bizkaian ekintzaile izatea

Zuena bideragarria zen, argi dago...
Bai, baina aurretiko erreferentziarik ez geneukanez eta OREKA produktu berria zenez, zenbakiak egiterakoan desabantaila izan zen, eta da, oraindik ere: material bat aldatzeak, esaterako, negozio planaren kopuru orokorrak erabat iraultzea ekar lezake. Prezio egokiak ezartzea ere lan nekeza da horrexegatik.

Orain arte izan duzuen ekintzailetza abenturan zer iruditu zaizue onena, eta zer txarrena? 
Ekintzailetzan aritzea oso esperientzia ederra da; esker onekoa, gainera. Ikastetxeak eta Aldundiak zure ideian konfiantza dutela eta bultzatu egin nahi dutela, ideia horren patentearen izapideak egin dituzula, gauza serio doala, zure enpresa sortzeko lanean ari zarela eta ahaleginari esker gauza aurrera doala ikustea, eta, beharbada, berandu baino lehen, hondartzak gure “trastearekin” surfean ikasten ari diren pertsonez josita egongo direla jakitea... benetan atsegingarria eta pozgarria da. Bestalde, ekintzaile izateak askatasuna ematen dizu ordutegi eta arau aldetik, onerako zein txarrerako. Gure ekintzailetza esperientzian izan dugun alderdirik gogaikarrientzat, berriz, patentearen erregistroa eta izapideak nabarmenduko nituzke. Proiektu hau abian jartzea dagoeneko 4.000tik gora euro kostatu zaigu, eta oraindik ezerezean dago. Horixe litzateke gure esperientziaren alderdirik negatiboena.

Zuen ideia aurrera nola doan ikusita, non ikusten duzue zeuen burua hemendik urtebetera?
Espero dugu 2018. urtearen erdialderako enpresa dagoeneko osatuta eta produktua merkaturatzeko prest egotea. Aurretik, baina, prototipoaren hainbat traba gainditu beharko ditugu: funtsezkoa da hainbat prototipo osatu eta horien testak egitea... Hemendik hiru urtera, kanpoko merkatuko ateak ere ireki nahiko genituzke (Australiako kostaldea, Kalifornia...). Espero dugu Internet aliatua izatea horretarako, baina ezinbestekoa izango dugu kanpoko bazkideak eta banatzaileak bilatzea, eta horrek ezinbestean dakar nazioarteko patenteen izapideak egitea, eta, beraz, kostu handiagoak izatea. Olatu artifizialak dituzten instalazioak ere aliatu indartsutzat ditugu: The Wave Garden eta Kelly Slater, inoizko surflari onenetako bat alegia, surfa kirol hau egiteko baldintza egokiak ez dauden lurraldeetara eramateko ahalegina egiten ari dira. Orain arte pentsaezina zen hori! Proiektu horiek bultzatzea, jakina, onuragarria izango da guretzat ere.

Ateak irekita al dituzue inbertitzaileentzat?
Bai, ateak irekita ditugu inbertitzaile zein sustatzaileentzat, baina oraindik ez gara horretan pentsatzen jarri. Oraingoz, oso hasierakoa den fase batean gaude. Etorkizunean, ordea, kanpoko inbertitzaileak edo oso banatzaile handiak, Decathlonen tamainakoak, beharko ditugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario