jueves, 7 de diciembre de 2017

DEMAren 3 programak laguntza ematen die ekiten hasi nahi duten pertsonei

2017ko abenduaren 7a

Negozio ideia bat egia bihurtzea ez da lan erraza, baina testuingurua ez ezagutzeak -nondik hasi ere ez jakiteak- erabateko erronka bihur dezake abentura izan beharko zukeen ekintzailetza. Gaur egun, langabeziari aurre egiteko oso aukera baliagarritzat jotzen da ekintzailetza, programa eta metodologia espezifikoen bitartez prestatzeak arrakastaren eta porrotaren arteko aldea finka baitezake enpresa proiektua abian jartzean.

Bizkaian ekitea

Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren menpekoa den DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak ia 30 urte daramatza ekimenak garatzen enpleguaren eta ekintzailetzaren arloko foru estrategiaren esparruan. Bere lantalde teknikoak eta zuzendaritza taldeak daukaten eskarmentuari esker, programak eguneratu ahal izan dira berriro; bereziki, duela bi urtetik hona, eta irtenbide berritzaileak eta neurrira egindakoak bilatu dira (esaterako, Taldeka).

Zertarako hasi ekiten? 
Irtenbide horiek ez lirateke eraginkorrak izango ekintzailetza gaietan patroirik ez dagoela ulertu ezean. Arrazoi sorta askotarikoa dago ekiten hasteko: DNAn eramaten den ekintzailetza espiritua eta bizirik irauteko beharra, besteak beste. Eginkizun dagoen plangintza honen bitartez, Foru Agentziak hainbat jarduera eta programa eskaintzen ditu, pertsonei zein kolektiboei, euren premiei eta gaur egungo zein etorkizuneko merkatu premiei erreparatuz.

Taldean ekiten hastea, Taldeka programarekin
Taldeka ekintzailetza programak Bizkaian langabezian dauden pertsonei ekiten erakusten die, gutxienez % 60k euren lanpostua sor dezaten helburutzat hartuz. Programa berritzaile honek autoenplegura bideratu nahi ditu bere partaideak, lan munduan aktibatu ahal izateko, lankidetzan oinarritutako lan formula aberasgarrien bitartez eta metodologia espezifiko baten bitartez ekintzailetzako prestakuntza emanda, negozio ideiak sortzea bultzatuz. Baina ez hori bakarrik! Taldekak, halaber, taldea osatzen duten pertsonen artean sinergiak sortu nahi ditu, azkenerako enpresa berriak eraiki ahal izateko. “Hasten ikastea” da helburua, horretarako egunero lan eginez; betiere, lantaldea koordinatuko duen pertsona baten begiradapean.

Taldekak oso kontuan izaten du hori, eta edizio bakoitzean, unean uneko egoeran ekintzailetzan hasteko egokienak diren pertsona taldeak eta negozio sektoreak aztertzen ditu. Era horretan, ekintzailetza talde espezifikoak aktibatu dira: profesional etorkinentzat, soil-soilik seniorrentzat, edo adineko pertsonen premietara zein biztanleriaren zahartzeak ekarritako premietara egokitutako negozio aukerak ardatz dituztenak. Azken taldea Getxon sortu zen, eta duela astebete eskas hasi zen lanean. Kirolaren, ongizatearen eta turismoaren sektoreak lantzen ditu. 2016ko maiatzean jarri zen abian programa, eta harrezkero, hogeita hamar enpresa pasatxo sortzen lagundu du.

Enpresari. LHn ekitea
DEMAren jardunbide ildoetako bat da, hain zuzen, Bizkaiko gazteen artean enpresa kultura sustatzea. Lanbide Heziketako ikastetxeetako irakasleei eta ikasleei zuzendutako hainbat jarduera gauzatzen ditu Agentziak, Enpresari programaren babespean. Enpresa ideien lehiaketak, esaterako, LHko milaka ikasleren sorkuntza eta ekintzailetza jarrera sustatzea bilatzen du, eta erakusten die autoenplegurako, lanean hasteko eta norberaren errealizaziorako aukera bat dela enpresa bat sortzearena. Aurtengo deialdian, 200 negozio ideia baino gehiago aurkeztu dira, eta 500etik gora ikaslek defendatu dituzte. Guztietatik 50 aukeratu dira enpresa proiektuak gauzatzeko faserako, eta azkenean, horietako 10 sarituko dira. DEMAko aholkularitza taldeak egiten ditu proiektu bakoitzaren tutoretza eta jarraipen lanak. 2001. urteaz gero, 650etik gora enpresa proiektu atera dira Enpresari programatik.


gazte ekintzailetza

Abian. Enpresen sorkuntza
Enpresa ideia bat duten pertsonei Abian programa eskaintzen die DEMAk. Programa horren bitartez, banakako aholkularitza eta laguntza eskaintzen zaie, metodologia espezifiko bat aplikatuz, bakoitzak bere negozio plana garatu, eta nork bere enpresa sor dezan. 2016. urtean 564 negozio ideiaren azterketan parte hartu zuen Abian programak. Horietako 510 enpresa plan garatu, eta 186 enpresa sortu ziren.

Padeland kluba Abian programari esker sortu zen
Bizkaian ekitea
PADELAND padel kluba (Amorebieta)
2 urte bete berri ditu. Padeland padel kluba Zornotzan dago kokatuta, eta programa honen babesean sortu zen. Jessica Martínezek uste du ezingo zukeela abian jarri, DEMAren laguntza izan ez balu. “Ekintzailetzaren mundua konplexua da. Informazioa behar duzu, eta ez dago horrelakorik. Nondik hasi jakin behar duzu, sektorera hurbilketa egin behar duzu... Abian programaren gidalerroak benetan lagungarriak izan zitzaizkigun”.  Martínezek eta Jorge Alonso senarrak merkatu aukerak aztertu eta premiak hauteman ondoren ireki zuten kluba. “Asko borrokatu ginen, eta ordu asko eskaini genizkion” -eta halaxe jarraitzen dute-. Ez zuten inolako loturarik padelarekin; alabaina, “bizimodutzat” daukate gaur egun Padeland. Klub horretan pistak aloka daitezke, haurrentzako eskola dago, banakako zein taldekako eskola bereziak ematen dira eta “neuk ere nahi dut” sistema eskaintzen da. Sistema horren helburua da, hain justu, antzeko maila duten 4 pertsona elkartzen ahalegintzea, partida egiteko. Gainera, era guztietako txapelketak eta ekimenak antolatzen dituzte. Jessicaren ustez, familia handi bat da Padeland, eta horrek bereizten ditu gainerakoengandik.

Ekiteko gogoz dauden pertsonek jakin behar dute Foru Aldundiaren zuzeneko diru laguntzak ere badituztela. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak eutoenplegurako programa bat dauka, eta gutxienez 5.000 euroko eta gehienez 15.000 euroko laguntza bat ematen du proiektu berriak bultzatzeko. Arlo honen arduradun Teresa Laespada diputatuak gogorarazi du iaz diru laguntzen 1.066 eskaera jaso zirela guztira, eta horietarako ia 6,5 milioi euroko aurrekontua baliatu zela. DEMA Agentziak Sailarekin berarekin lankidetzan dihardu lanean, eta interesa duten pertsonei laguntza horien eskaerak kudeatzen laguntzen die.

Informazio gehiago:
www.dema.eus
944 18 90 55

















No hay comentarios:

Publicar un comentario